5. edukiontziaren ezarpena zaborren arazoaren aurrean “makilajea” erabiltzea besterik ez da.

Duela urte batzuk gaikako bilketa ez egitetik, 3 hondakin atal gaika biltzeko edukiontziak jartzera egindako urratsa, nahikoa ez izanagatik positiboa izan zela uste dugu. Horren segida izan zitekeen organikoaren gaikako bilketarako edukiontziaren ezarpena ere, kontestu horretan, positiboki baloratu beharko litzatekeela uste dugu. Gaur egun ordea, hondakinen %80tik gorako gaikako bilketa lortzen duten sistemak daudela ikusi dugu, oso urrutira joan gabe Antzuolan. Bertan atez-ateko hondakin bilketa sistema ezarri zenetik 6 hilabete igaro zirenean birziklapen maila  %92ra iritsi zen. Beraz galdera ez da 5. edukiontzia edo atez-atekoa nahi dugun, galdera zera da: benetan hondakinen %80 bereizi nahi ahal dugu?  Prest ahal gaude berziklapen maila onak lortzeko?

(Urretxun ateratako argazki bat.)

Zumarraga-Urretxu Zero Zaborren iritziz hondakinen erdia ere gaika biltzeko balio ez duen bilketa sistema bat ezartzeko planteamendua atzerapauso bat besterik ez da. Gipuzkoan 5. edukiontzi bidezko sistema zabaltzeko ahalegina “tongotzat” jotzen dugu, aurrez arazoa konponduko ez duela jakinda bultzatutako bidea delako. Gure herrialdean zabaldu den eztabaidak gaia sustraietatik hartzera bideratu beharko lituzke instituzio, udal eta herritarrak eta ez arazoa ezkutatzeko makilaje ariketetara.

Baieztapen hau hobeto azaldu asmoz adibide batzuk eman nahi dizkizuegu. Egia da Sasieta Mankomuninateak 5. kontenedorea martxan jarri duen herrietan (2010eko uztaila) parte hartzea altuarekin herritar askok duela kontenedoreko giltza. Goierriko bost herrik (Lazkao, Idiazabal, Olaberria, Arama eta Itsasondo) 9.434 biztanle batzen dituzte eta 13.880 kilo organiko bildu zituzten osotara  2010eko abuztuan. Konparaziorako, Oiartzunen (9.894 biztanle eta atez atekoa 2010eko maiatzak 23an jarri zuten martxan),hilabete berdinean 64.220 kilo bildu ziren atez ateko sistemarekin, hau da bost aldiz gehiago. Azken batean, bostgarren kontenedorea erabiltzen duten herrietan birziklapen tasa apenas igo da puntu batzuk, beraz diferentzia derrigortasun eta boluntariotasunean dago.

Materia organikoarentzat edukiontzi marroia gehitzeak egungo kontenedore sistemarekin jarraitzea dakar. Oinarrian arazoak sortzen dituen sistema da, hain zuzen ere, kontenedoreena. Egungo kudeaketa sistemarekin jarraituz gero, kontenedore berdea ez da gure kaleetatik desagertuko eta, beraz, honek dakartzan anonimato eta kontzientziazio arazoak ere ez. Kontenedore marroia herritar batzuek soilik erabiliko dute eta beste gainontzekoek materia organikoa edukiontzi berdera botatzen jarraituko dute birziklagarriak diren beste hainbat materialekin ustelduz.

Laburbilduz:

1) Atez ateko bilketa: gai guztiak birziklatzea derrigorrezkoa da. Ez du erraustegirik aurreikusten eta azken errefusa oso txikia eta inertea denez “zero zabor” helburura hurbiltzen da.

2) Bost kontenedoreren bidezko bilketa: birziklatzea boluntarioa da. Erraustegia eta bertatik ateratako hauts kutsagarrientzako beste zabortegi bat beharko da.

Hondakinak guk sortzen ditugunez hauek ere guk kudeatu behar ditugu eta bide honetan herritarrak autokonpostaia egitera ere animatu nahi ditugu. Hau da, etxetik gertu lur zatitxo batean, gure hondakin organikoarekin baratze edota lorontzietarako ongarri natural bikaina den konposta egitera. Pauso hau eman nahi duten familiak hadi egon beharko dira martxo erdialdian gure taldetik autokonpostaiaren alde egingo ditugun ekimenetara.

Zoritxarrez ordea, etorkizun laburrean behintzat, gure herriotan edukiontzien bidezko bilketak jarraituko duenez Zumarraga-Urretxu ZZ-tik hondakinak bereizten segi eta 5. kontenedorea ere erabiltzera animatzen zaituztegu nahiz eta jakin gaur egungo bilketa sistemak ez duela bere helburua betetzen.

Amaitzeko udal eta erakunde publikoei alderdikeriak utzi eta beste herrialde askotan emandako Zero Zabor esperientziak haintzat har ditzaten exijitzen diegu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s